3.Interesgunearen prozesua

Kaixo lagunok,

Gure hirugarren lanaren gidoia egina daukagu. Honako hau da:

Zergatik izan nahi dugu irakasle? GIZAKIEN ARTEKO DESBERDINTASUNAK DESAGERTARAZTEKO EDOTA KLASE SOZIAL EDO NAZIONALITATEEN ARTEKO TENTSIOA ELKARTASUN BIHURTZEKO, GIZARTEARI BULTZADA BAT EMAN NAHI DIOT!

-ALABA:  “Nik ere irakasle izan nahi dut ama!”- Esan nion egun batean, eta berak honela erantzun zidan:

- AMA: Ongi pentsatu al duzu? Irakaslea gizartean gutxiesten den hori da maitea, ospe handiegirik ez duen ogibidea. Jendeak ez daki gizartean zabalduta dagoen irakaslearen irudiak ez duela benetako irakaslea islatzen. Bazeneki zein zaila den irakasle izatea… Irakasleak liburuak ditu eskuan, azaldu eta erakutsi beharreko hori azaltzen duten liburuak, baina ez pentsa liburutik haratagoko gauzak erakutsi beharko ez dituzunik, ikasgelako haurrak galderez osatutako jakin-minaren jabe baitira. Gainera, askotan testu-liburuetatik irten beharko duzu, izan ere, eguneroko bizitzak ematen dizkigun baliabideak bezalakorik ez dagoelako haurrak benetako errealitateaz jabetzeko!
Honez gain, ezin dituzu ahaztu ikasgelak biltzen dituen haur guztiak, denak desberdinak izanik, eta batzuk agian zailtasunak dituztelarik. Guztiei esanguratsua izango zaien ariketak edo klaseak prestatu beharko dituzu, inor ahaztu gabe. Ariketa hauen abiapuntua, aurretik bakoitzak dakien hori izango da, badakizu, haurrak ariketetan galduta sentitu ez daitezen eta horrek desmotibatu ez ditzan. Ariketa hauek praktikan jartzerako orduan, haur guztiak motibatzea lortu behar duzu, guztiek ariketak gustura egin ditzaten. Honetarako, onena irakaslea ikasle guzti hauen “idolo” bihurtzea da, guztien gustuak batzen dituen idoloa, alegia. Hori bai, irakasleak ikasleen gidari izan behar du, ez agintari!
Bestalde, askotan gustukoago dituzun edo gustuko ez dituzun haurrak izango dituzu ikasgelan, baina ezingo dituzu haurrak etiketatu (hau jakintsua, hau ez…). Ulertu duzu maitea? haur guztiekin berdin ahalegindu beharko duzu, denei zure ehuneko ehuna eskainiz. Eta zer gertatzen da egun ona ez duzunean? Zure irakasle izateko nahiak hain handia izan behar du, non triste zaudenean ere, zure indar guztiak atera eta haur bakoitzari zure irri onena eskaini beharko diozun.

-ALABA: Bai ama, badakit lan zail eta gogorra dudala aurretik eta ziur egon zuk esandako guztia barneraturik dudala.  Askotan, hezkuntza sistemak produktuak sortu nahi dituelakoan nago, eta ez pertsonak. Eta hori aldatu beharra dago. Hezkuntza baita hain zuzen, gizarteko zenbait, ikuspuntu, jarrera edota pentsamendu aldatzeko tresna nagusietako bat. Irakasleek, itzelezko ardura dute, ehundaka gaztetxoren hezitzaileak baitira, eta horretarako ezinbestekoa ikusten dut gogoa, aldaketarako nahia eta gauza berriak ikasteko prest egotea. Motibazioa hain zuzen ere. Irakaslea motibaturik baldin badago, ikasleei berdina transmitituko die, lan egiteko eta ikasteko grin hori helaraziko die. Bestalde, haurrak motibatzea lortzeko, beraien mailara egokiturik dauden ekintzak proposatu behar zaizkie, beraiek egiteko gai diren gauza horiek. Eta prest nago horretarako, etorkizuneko haur horien heziketaren parte izateko !

-AMA: Oso ondo laztana, aholku bat eman nahi dizut soilik: Irakasle baten motibazioak, gauzak lortze horrekin erlazio zuzena duen bezala, lan egingo duen eskolarekin ere bai du. Irakasle guztiek ezin dute leku guztietan lan egin, izan ere, sinesmen, nortasun eta misio desberdinetako eskolak zein irakasleak daude. Irakasle batek, eskola batean lanean hasi aurretik, bertan aurkituko duen horretaz, egingo duen horretaz, dituen gaitasunetaz, sinesmenetaz eta bere nortasunaz hausnartu behar du. Horrela, lan egiten hasiko den heziketa zentro horretan gustura edo eroso egongo den ziurtasuna izango du. Eta gustura badago, bertako baldintzek asebetetzen badute, nolabaiteko jokabide positiboa, energia edota indarra izango dugu bere lana burutzeko, motibaturik egongo da.

-ALABA: Bai, arrazoi duzu. Gainera, badakizu zer, irakasle on batek ordea, haur bakoitzetik pertsona bat sortu behar du, haur bakoitza gizarteratu behar du, haurrak nahi duen era horretan, bere nortasuna eta berak izan nahi duen hori izaten lagunduz, bidean haur bakoitzari babesa emanez. Haur bakoitzetik, eguneroko bizitzari aurre egiteko pertsonak sortu beharko ditu irakasleak, bizirik daudenak, euren pentsamendua elkarbanatu nahi dutenak, parte hartuko dutenak, interesa dutenak, gaizki iruditzen zaiena kritikatuko dutenak… bizitza aktibo bat izango duten pertsonak. Garrantzitsuena, haurrei materia aldetik, ezagutza minimo bat produzitzeko aukera emateaz gain, hau da, etorkizunean gu ikasleei klasean ematen gabiltzan materiaren inguruko ekintzak burutu ahal izateko baliabide izateaz gain, beraien buruak ezagutzeko aukera ematea da. Benetan, barruan duten hori ezagutu eta nortasun propio bat eraikitzeko aukera ematea. Uste dudalako, norberak dituen gaitasun, ahulezia eta ezaugarriak ingurukoentzat lagungarri izan daitezkeela eta ez gizakien arteko desberdintasunak handiagotzeko arrazoi bihurtu. Izan ere, norberak bere burua ezagutzen duen momentuan, jarri ahalko da gainontzekoen egoeran.  Gutako bakoitza, desberdina baita, ez hobea, ez txarragoa. Denok ditugu gaitasunak eta baita ahuleziak ere, eta umeek horiek aurki ditzaten nahi dugu, barne ibilbide baten bidez beraien gaitasunak deskubritu eta erabil ditzaten, ez ingurukoenak ikusi edota kopiatuz.

-AMA: Ikusten dut ulertzen zabiltza, irakasle izatea ez dela arbelean idatzi eta etxeko lanak bidaltzea soilik, irakasle izatea hezitzaile izatea da, hezitzaile batek hezi egin behar du, eta honetarako gogoa izan behar du. Pozten naiz laztana!

BERTSOA
Irakaslea haurren gidari, min guztien sendagile.
Motibazio iturri eta ipuin kontalari, idazle.
Haur guztien zaintzaile bera, jakintsu ta behatzaile.
Maitagarri, pentsalari, entzule, ta konfiantza igorle.


Irakasle izateak zuen bihotzean koloretako irri bat sor dezala!

Elkarrizketa erakargarriagoa egiteko, powtoon programaren bidez aurkeztuko dugu. Amaitzear gaude hau ere!

No hay comentarios:

Publicar un comentario